XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2.1.- SARRERA.

Fisika eta kimikaren arloa guztiz jorratu gabekoa zen XVI mendera arte.

Baziren, Syrakusa-ko Arkhimedes-ek (K. a. 287-222) egindako aurkikuntza eta asmakuntzak; Txinatarrek Ekialdean, eta Arabiarrek, Mendebaldean, tratatutako alkimia eta optikak Fisika eta Kimika zientziekin baino, magiarekin zerikusi handiagoa zeukaten.

Galileo Galilei (1564-1642) Pisan (Italia) jaio zen eta Fisika experimentalaren sortzailetzat jo dezakegu.

Honek lehendabizi, naturan gertatzen diren fenomenoak aztertzeari ekin zion eta azterketa honen ondorioak atera zituen.

Beraz, bere teoriak, aurrez frogak egin eta neurtu ondoren aldarrikatu zituen.

Fisikaren arloan, zientifikoki lan egiteko bidea aurkitu zuen beraz.

Dinamika, Hidrostatika eta Astronomia landu zituen.

Teleskopioa asmatu zuen eta aurrez Copernico eta Giordano Brunok astroen higidurari buruz aldarrikatutakoa egia zela demostratu zuen.

Galileo hil zen urte berean (1642) Isaac Newton jaio zen.

Isaac Newton (1642-1727) Ingalaterran jaio zen.

Matematikari, Fisikari eta Astronomilari izan zen.

Honek, Fisika Matematikoa sortu zuela esan daiteke.

Binomioaren teorema eta kalkulu diferentziala asmatu zituen; Fisikari dagokionez, Grabitazio Unibertsalaren legea enuntziatu zuen.

Newtonek gorputzek elkar erakartzen dutela frogatu zuen matematikoki.

Bi gorputzen arteko erakarpen-indar hauek kontutan harturik Kepler eta Galileok deskribaturiko sistema astronomikoa (lehenago Copernicok eta Brunok aldarrikatutakoa) frogatu zuen.

Mekanika klasikoaren abiapuntu nagusia jarri zuen bada.

Optika fisikoan ere saiorik egin zuen.

Newtonek aro berri bati hasiera eman zion.

XVIII eta XIX mendeetan Euler, Lagrange, Hamilton (mekanikan), Laplace eta Herschel (astronomian), Young (optikan), Cavendish eta Lavoisier (materiaren egituran), Carnot, Joule eta Lord Kelvin (termodinamikan) eta Faraday eta Maxwell (elektrizitatean) etorriko ziren.

Azkenik, Albert Einstein (1879-l955), erlatibitatearen teoriarekin, Newtonen legeek muga batzuetatik aurrera explikatzerik ezinezkoa zutena explikatzea eta argitzea lortu zuena izan zen.

Argi eta garbi ikusten da bada, magnitudeak definitu, unitateak erabaki eta horiek neurtzeko neurgailuak hobetu diren heinean aurreratu dutela Fisikak eta Kimikak.

Zer dira ordea Fisika eta Kimika?.

2.2.- FISIKA ETA KIMIKA.

Natura, gaiez edo materialez osatuta dago eta material horiek zenbait gertakizun, aldaketa eta beste jasaten eta eragiten dute.

Gertakizun eta aldaketa horiei fenomeno deitzen zaie, euria egin, harkaitza jausi, e.a. adibidez.

Naturan gertatzen diren fenomenoei dagokien jakintza edo zientzia Zientzia Fisikoa da.

Zientzia Fisikoaren barnean ordea, sail desberdinak bereizten dira: Fisika, Kimika, Biologia, Geologia, Astronomia, Meteorologia, e.a.

Hauetako bakoitzak bere arlo berezia du, baina halere, Fisika dago beste guztien oinarrian eta abiapuntuan.